| «Beti hastapenetan dabilen taldea gara» BARRICADA • Rock taldea [ ... ] |
| Ortzanzurieta, zeruari fereka egiten dion mendia Testua eta argazkiak: M [ ... ] |
| 9. linea. Rue de la Pompe. Ipurdi lodia bagoiaren [ ... ] |
All about my father
Irati Jimenez-k idatzia
(aitak "Stock 13" argitaratu du... eta zer?)

«Gizonak», esan zidan aitak duela ez horrenbeste, «gizonak, laztana, edade batetik aurrera zoratu egiten gara». Euskal Idazle Handi (EIH) bati buruz ari ginen hizketan. Nik hau eta hau esan nion aitari, aitak ezin EIH-ren kontua sinetsi. «Benetan?». Baietz nik. «Tira», berak; eta orduan, hortxe, esaldia. Arnasa luze egin ondoren bota zuena, alabari lezioa eman nahi dionaren ahotsarekin: «Gizonak, laztana, edade batetik aurrera zoratu egiten gara». Gehiegizka ari zela pentsatu nuen orduan eta orain, zuloan atzamarra sartu behar izan zuen santu kokoloaren antzera sentitzen naiz (Santo Tomas? Ez dakit, inor ez da harrituko gurasoek ez zidatela munduko hezkuntzarik katolikoena eman esaten badut). Bere azken liburuaren azala ikusita, agerikoa da baietz, gizonak edade batetik aurrera zoratu egiten direla. Gurea behintzat, eta bermiotarrez esatearren, kaskata dau.
2. Linea: Pigalle
Ion Orzaiz Galarza-k idatzia
Michel estazioaren mutur batean dago; Pauline, bestean. Esperoan dira, hurrengo trena noiz etorriko. Zeharkako begiradatxoak bota dizkiote elkarri behin baino gehiagotan. Begi-kolpe laburrak, lotsatiak, kukuka ari diren horietakoak. Batak bestearen presentzia nabaritzen du uneoro. Badakite hor direla biak. Bakar-bakarrik. Esperoan, hurrengo trena noiz etorriko.
Paulinek mutilaren sorbaldetan pausatu du begirada. Istant batez, aurpegira so egitea otu zaio, baina Michelen niniekin topo egin du bat-batean, eta burua beheratu behar izan du, zapatilen lokarriak zehatz mehatz aztertu nahi izanen balitu bezala. Ezin irribarrea ezkutatu. Michelek ikusi du neskaren keinu bihurria, eta berari ere irriñoa marraztu zaio ezpainetan. Apur bat hurbildu da, paretan zintzilikaturik dagoen metroaren planoa ikusteko aitzakiarekin. Jakina, planoari ez dio jaramonik ere egin (bizitza osoa Parisen eman ondoren, nola ez ditu bada linea eta geltoki guztiak ezagutuko!), eta berehala paratu da neskaren aldamenean. Pauline ez da aldendu.
Gorbatadun talde bat builaka jaitsi da metro estaziora. Ostiralean egin zuten laneko bazkariaz ari dira. Altu. Altuegi. Michelek kopeta ilundu du, amorratuta. Neskarekin zuen memento intimoa hautsi dute ahobero zalapartatsuek.
Metroa berehala heldu da, kirrinka eta harrabots artean. Ate beretik sartu dira Pauline eta Michel.
Artikulu gehiago...
Orria: 5 Guztira: 10
«HasieraAurrekoa12345678910HurrengoaAmaiera»







