| «Beti hastapenetan dabilen taldea gara» BARRICADA • Rock taldea [ ... ] |
| Ortzanzurieta, zeruari fereka egiten dion mendia Testua eta argazkiak: M [ ... ] |
| 9. linea. Rue de la Pompe. Ipurdi lodia bagoiaren [ ... ] |
Sex versus drugs
Fertxu Izquierdo-k idatzia
Kantautoreen maitasun eta borroka kanta malenkoniatsuek disko-jogailuetan zorabiatzeari utzi ziotenean, aldaketa heldu zen musikaren mundura. Rock and rollak asaldatu zituen eszenatokiak aspaldi nagusitu zen lelo esanguratsu batekin: “Sex, drugs and rock and roll”. Baina, dirudienez, hirukote horretatik bi ildo izan ziren jorratuenak, rock and rollarena, of course, eta drogena. Gainera, azken horrek izugarrizko triskantza eragin zuen rockaren zale berrien lerroetan.
Eta sexua? Hori da airean gelditu zen galdera. Agian, bere garaian nagusitu zen ildoa sexua izan balitz, bestelako koloreekin margotuko genuke gaur egun rock and rollaren historia. Agian, heriotza gutxiago eta bizitza gehiago sartuko genituzke gure koadro honetan.
Hasiera batean (diotenaren arabera) txima luzedunak, gandordunak edota pisamierden eramaileak liluraturik geratu ziren Marokotik zetozen kosto-txinaren biribilekin. Eta porroen lurrinaz maitemindu ziren. Lehenengo erasoa: drogaren garaipena.
Gainera, kantautoreek ez zieten lan erraza utzi musikari zaratatsu berri horiei, malenkonia haragi bihurtzeko prozesu horretan bederen. Eta halere, laster batean, borroka kantekin batera amodio kanta lizunak egiten hasi ziren. Horren adibide batzuk aurki ditzakegu gure diskografia hurbilean.
Larrua jo dezagun osasunerako ona baita (edozein lekutan), proba ezazue edozein lagunekin (edozein ordutan). Horrela zioen garai batean Baldin Bada taldearen Xirrika izeneko kantak; larrua jotzearen aldeko manifestua.
Barricada, berriz, aurreko gabezien bozeramaile bihurtu zen No hay tregua izeneko diskoan “otra vez me apetece mojar” abestu zuenean.
Nahikoa zela oihukatu zuten eszenatoki guztietatik mundura. Euskal kantautoreek ez zioten haragiaren plazerari kantatu eta agian horregatik rock-zaleek “bustitzeari” baino gehiago “drogatzeari” ekin zioten hasiera batean. Lehen aipaturiko Barricadarenak ezinegona edota ezintasuna adierazi zuen. Baina, zorionez, Iruñeko estoldetatik Tijuana in blue agertu zen eta ukitu umoretsua eman zion gaiari: esa tía tan desesperante, un año y medio y todo sigue igual, ni escuchando a Tom Waits se pone a tiro…
Autofikzioa
Gaizka Amondarain-k idatzia
Zenbat aldiz ez ote zarete espaloi honetatik pasatu. Zenbat aldiz ez ote naiz beste batengan esnatu. Zenbat aldiz ez ote zaituzte zeharkatu nire pentsamenduek alderik alde kalean, elkar agurtzen genuenean. Zenbat aldiz ez ote dut desio izan beste horren itxura, hangoaren ahotsa, ondokoaren maitalea. Zenbat idazlek ez du jo beste batzuen bizipenetara bere istorioak idazterako orduan?
Pertsona bakarrak baino, pertsona askok osatzen gaituztela esango nuke. Eroen munduan, norbere burua hobeto ezagutzeko, beste batzuengana jotzea gomendatzen da. Autofikzioa edo autobiografia deitu dute adituek. Etorri den moduan joango den moda baino ez da izango agian. Orain izen bat jarri bazaio ere, betidanik existitu izan den joera. Beharbada.
Horrelako zerbait egiten du Enrique Vila-Matas idazleak ere, El mal de Montano liburuan. Protagonista (idazlea bera akaso), literaturaren gaitzak jotako indibiduoa da. Hortik aurrera, hasieratik bertatik, beste idazleei irakurritakoek eta idazlearen memorian geratu diren horiek denek ematen diote bizia narrazioari. Idazlea desagertzearekin batera, beste batzuen esanek hartzen dute hitza. Berea izan daitekeen asmatutako bizitza bat da kontatzen diguna. Doblearen erabilera. Pigliak berak ere esaten zuen, zurea ez den memoria batekin gogoratzearen ekintza horixe dela; doble bat sortzea. Zu ez zaren norbait horrek kontatzea zuk pentsatuak, lietarturaren (ups!), literaturaren esperientzia bera finean. Eleberri honetako protagonista ere horrelaxe bizi da, beste idazle batzuen zitaz inguraturik, literaturaren gaitzak jota, noraezean. Orain Bartzelonan, orain Txilen, orain irla batean, orain Budapesten dagoen protagonistaren egunerokoa izan zatekeen. Idaztearen beharrak itotzen duen norbaiten gogoetak dira. Nahi eta ezin horrek eramaten du hemendik hara. Hortxe hasten da dena konplikatzen. Autobiografiaren eta autofikzioaren artean jolasten da, irakurlea (lehendik horrela ez bazegoen) zoratzeraino. Elkarrizketa batean, elkarrizketatua galderak erantzutetik galderak egitera pasatzen denean bezala.
Odol korrontearen aurkako apez gaztea
Josu Chueca-k idatzia
Azkar oso, odol jarioa korronte bezalakoa bilakatu zen 1936ko udan. Nafarroan bereziki, nahiz eta gerra fronterik ez izan, hilketa masibo eta gupidagabeek deuseztatu zuten gorrien, errepublikanoen eta jeltzaleen aldetik ordura arte izan zen mundu giza politikoa. Jakina denez, gerra hasterakoan, Jose Rodriguez Medel guardia zibilen burua izan zen estreinako biktima. Berehala, antzeko asko suertatu ziren Nafarroako herri askotan. Matxinoen buru gorena zen Emilio Molaren agindutara mugitu ziren eskuadra falangistek zein dekuria karlistek izua eta heriotza landatu zituzten lurralde osoan barrena. Berdinberdin, Bardean, hilerrietan, gotorlekuetan, harrobietan, leizezuloetan nahiz bide bazterretan. Elizgizonen aldetik, Gurutzada Saindua omen zelako, hierarkiak hauspotu zituen gorrotoaren suak. Izan ere, Errepublika jaio zenetik, horren aurkako matxinada sustatzeaz gain, apez ugari kaperau ibili ziren erreketekin batera, bai frontetan bai atzeguardiako piketetan. Eskizofrenia galanta zuten: barkamena eta amodioa aldarrikatzearekin batera jazarkundea eta heriotza fusilen puntatik hedatzea.
Gutxi, oso gutxi, izan ziren jokabide anker horretatik salbu gelditu ziren sotanadunak. Horietako bat Marino Aierra Redin irunberriarra dugu. 1936ko gerra abiatzear zegoela, Altsasura bidali zuen Marcelino Olaetxea apezpikuak. Batak eta besteak pentsatzen zuten herri ezkertiar horretan giza gaiekiko joera zuen apezak Elizak “De Rerum Novarum” eta antzeko entzikliketan bilduta zuen gizarte doktrina aurrera eramanen zuela, baina usteak erdia ustel! Ez zuen horrelako auzietan sartzeko aukerarik izan, bai, ordea, funtsezko eskubideen defentsan aritzeko. Izan ere, Burundako hiri horretan, gerra piztutakoan, aipaturiko Gurutzadak zer-nolako ezaugarriak izanen zituen oso arin atzeman zuen: erbesteratzeak, atxiloketak eta erailketak… eta ez gorriek egindakoak, Jaungoikoaren izenean altxatu ziren gurutzatuen aldekoek baizik. Izan ere, Altsasu eta inguruko herriak oso gogor astindu zituen gerrak. Burundako hiritik 300etik gorako iheslari joateaz gain, agintari errepublikano eta hainbat kide sozialistaren erailketak gauzatu ziren Aritzalkon, Otsoportillon edo Lizarrustin. Horien berri izan zuenean, protestaka aritu zen on Marino. Apezpikuaren aurrean, baita bertako agintari militarren aurrean ere. Gerrak iraun zuen bitartean, atxiloen aldeko laguntza gauzatu nahian, Altsasuko ziegetan ibili zen aitor-entzule eta atxilotuen zein familien arteko mezulari lanetan. Hori zela medio izan zuen Pablo Cayuela eta Jose Soltxaga militar gorenen jokabidea gertutik ezagutzeko aukera, baita buruzagi karlistena eta falangistena, Benito Santestebanena edo Pablo Vizcondoarena esate baterako. Eta hainbat presoren –lizarragatarren edo Gregorio Zufiaurreren– azken unetan ere egokitu zitzaion aritzea.
Artikulu gehiago...
Orria: 8 Guztira: 10
«HasieraAurrekoa12345678910HurrengoaAmaiera»







