| «Beti hastapenetan dabilen taldea gara» BARRICADA • Rock taldea [ ... ] |
| Ortzanzurieta, zeruari fereka egiten dion mendia Testua eta argazkiak: M [ ... ] |
| 9. linea. Rue de la Pompe. Ipurdi lodia bagoiaren [ ... ] |
Errepide ertzeko kafetegia
Ion Orzaiz Galarza-k idatzia
Jakesen zain nengoen eta hasia nintzen kezkatzen. Hamaiketan geldituak ginen; hamabiak hamar gutxi, zioen erlojuak. Beste aukera bat emanen niola zin egin nion neure buruari, eta han gelditu nintzen. Zain. Barraren gainean, nire aldamenean, hiru kafe katilu zeuden. Hirurak erdi hutsik. Eta hautsontzia, zigarrokinez mukuru. Bizpahiru txokor eta mutxikin alboratu nituen, errauts piloan nire zigarroa itzali ahal izateko. “Beste kafe bat, mesedez” irribarretsu batez zuzendu nintzaion barraren bestaldeko zerbitzariari. Mutil gaztea, beltzarana eta nahiko atsegina (azken hau halabeharrez, seguruenik). Eta goapoa. Kafe-makinatik itzuli zenean berarekin sasi-elkarrizketa bat mantentzen saiatu nintzen, aldi berean xarmangarri eta patetikoa zen irribarrea ezpainetatik ezin alboratuta. Ez nuen berarekin ligatu nahi, benetan. Hala uste dut behintzat. Urduri nengoen, horixe zen dena. Kafetegiaren ondoan zegoena 121 errepidea ote zen galdetu nion. Ez al nintzen bada okertuko? Agian Jakes beste errepide bateko kafetegian zegoen, nire zain. Baina ez. Zalantzarik gabe, 121 errepidean nengoen. 250. kilometroan. Hitzartutako kafetegian. Bera ez, ordea.
Hamabiak eta laurden. Kafe hondar epelak katilu batetik bestera pasatzera jostatzen ari nintzela, familia dotore bat sartu zen kafetegian. Kanpoan hogeita hamar gradutik gora egingo zuen baina senarrak jaka beltza eta gorbata zeramatzan. Emazteak udako soineko arin eta loreduna. Maukarik gabekoa. “Sport casual, informal eta elegante aldi berean”, pentsatu nuen, eta barreari eutsi behar. Hiru haur: bi neska eta mutiko txikia. “Opusekoak. Seguru”.
«Haurrek gnomoak ikusten dituzte, helduok arratoiak ikusten ditugun tokian»
Ion Orzaiz Galarza-k idatzia
Toti Martinez de Lezea · Idazlea
Testua: Ion Orzaiz Galarza
Argazkia: Josu Santesteban
Zurrunbilo baten antzera, Toti Martinez de Lezea idazlea alde batetik bestera dabil egunotan, bere azken liburuak aurkezten. Negurako bi nobedade dakarzki besapean: “Otalorea” eleberri historikoa, eta “Nur eta irlandar gnomoa” haurrentzako liburua.
“Otalorea” Durangoko Azokan aurkeztu zenuen. Harrera ona izan al zuen?
Irakurleen erantzuna bikaina izan da, bai euskarazko edizioan eta baita gaztelaniazkoan ere, bikaina benetan.
Zuk, dena den, publiko fidela daukazu...
Bai, baina benetako erronka liburu bakoitzarekin publiko gehiago lortzea da. Irakurle fidelak maite ditut, jakina, baina nire libururik inoiz irakurri ez duen batek nire nobela bat hartzea oso garrantzitsua da.
Zure kasua nahiko ezohikoa da, “berandu” hasi baitzinen idazten...
...edo agian esateko zerbait topatu nuenean soilik hasi nintzen idazten, eta ez lehenago. Duela hamabi urte izan zen hori. Idatzi nuen lehen liburua “La abadesa” izan zen, baina hori ez nuen hasiera batean argitaratu. Niretzat soilik egin nuen, eta gustura gelditu nintzenez, bigarren bat idaztea otu zitzaidan: “La calle de la judería” (Ttarttalo, 1998); eta hori bai, hori argitaratu zidaten.
Eta arrakasta etorri zen.
Nik espero ez nuen arrakasta. “La calle de la juderia”-k harrera ona izan zuen eta, inolako marketin edo publizitaterik gabe, arrakasta itzela lortu zuen. Halaxe etorri ziren ere bigarrena, eta hirugarrena, eta laugarrena...
Gehiago irakurri: «Haurrek gnomoak ikusten dituzte, helduok arratoiak ikusten ditugun tokian»
«Geroz eta musikari gehiagok hartuko dute auto-ekoizpenaren bidea»
Ion Orzaiz Galarza-k idatzia

Okertasun erakargarriak, tolesdura ederrak, inperfekzio perfektuak... horien guztien aldeko aldarria egin du musikari mungiarrak bere hirugarren diskoan. Aurreko bi lanetan bezala, Ruedak pop musika alai eta optimista jorratu du “Zuhaitz okerretan gora noa” honetan ere, eta beste pauso bat eman bere independentzia musikal zein estilistikoan.
Egungo krisiaren ondorioz, disko bat argitaratzea abentura bat da. Rafa Rueda musikari bizkaitarrak atzean utzi ditu diskoetxeak eta bere hirugarren bakarkako diskoa, “Zuhaitz okerretan gora noa”, bere kabuz ekoiztea erabaki du. Oraingoz kexatzeko arrazoirik ez duela aitortu dio NABARRA aldizkariari.
Gehiago irakurri: «Geroz eta musikari gehiagok hartuko dute auto-ekoizpenaren bidea»
Artikulu gehiago...
Orria: 9 Guztira: 10
«HasieraAurrekoa12345678910HurrengoaAmaiera»







