Bannerra

Castellar, behatoki pribilegiatua


26-leire4

Testua eta argazkiak: Mikel Balerdi

Leire Pirinio aurreko mendilerro luzea da, Nafarroa eta Aragoi artean kokatua. Garai batean, mendilerroko mugak eztabaidak eragin zituen bi herrion artean. Leire, halaber, muga horretatik hurbil dagoen monasterioaren izena ere bada: tenplu erromaniko irmoa da, baskoien Erresuma Zaharraren kulturaren eta historiaren ikur bihurturik. Neguko egun hotzetan, tenplu honen ingurumariek helburu aproposa osatzen dute bertatik ibilaldiak egiteko, mila metroko haitz erraldoi baten hego aurpegian kokatua baitago, eta horrek langa klimatologikoaren funtzioa betetzen du, zonaldea ozeanotik datozen euriteengandik eta Iparraldeko haize hotzetatik babestuz.

Leireko eremu babestu handi hau ikusteko tokirik aproposenetako bat Castellar mendiko gaina da. 1.266 metroko altuera izanda, mendilerroaren hego isurialdearen ikuspegi pribilegiatua eskaintzen du, eta baita Esako urtegiarena eta nafar-huescatar Pirinioaren zati batena ere.

Ibilaldi erakargarri honen abiapuntua Leireko Monasterioaren aparkalekua da. Bertan, seinale batek San Birila abatearen iturri legendarioa non den erakusten du. Bertatik, iparraldera begiratuz gero, erraza da Castellarko tontorrean eguzki-izpiengatik dirdir egiten duen metalezko gurutzea lehen begi-kolpean ikustea, arroken arteko sakan baten ondoan.

San Birilaren seinaletik Iparraldeko bidea hartuko dugu, artzain transhumanteek erabili ohi duten eta kasik eraitsia dagoen borda baterantz. Izkinetako batean, gure ibilaldiaren hasiera margo zuri-gorriz adierazten duen marka topatuko dugu. Erronkariko Abelbidearen (GR-13) tarte bat atzekoz aurrera zeharkatzen duen ibilbidea da, eta bidean zehar han-hemenka ikus ditzakegun mugarriek seinaleztatua dago.

Zonalde oihantsuan zehar, arteen eta ezpelen artean, 20 minutu ibili ostean, bidegurutze batera iritsiko gara. Margotutako gezi batek seinaleztatzen du ezkerreko bidea. Bertatik, Arangoitira iritsiko ginateke (antenengatik ezagutu daiteke), 1.355 metroko tontorra, eta Leireko mendilerroan altuera gehien duen mendia. Hala ere, bide hori bazter utzi eta zuzen-zuzen jarraituko dugu, urtero milaka eta milaka ardik zeharkatzen duten abelbidean gora eginez.

Altuera irabazten dugun heinean, arteek lekua utziko diote porte ederreko haritzei. Baina gure arreta gehien erakarri dutenak mendebaldean, Arangoitira bidean, nabarmentzen diren harrizko monolito bi dira. Era berean, ikusgarria da Castellar gainaren ezkerraldean dagoen arroka, arrakala batek erdibitua, eta erdian, haitz bat txertatuta duela. Irudimen apur batekin, gure pausoen atzetik zelatari dabilen pertsonaia mitologikoa dirudi.

 

La Cerradako ataka

La Cerradako atakara hurbiltzen garen heinean, bidea estutzen doa. 1.210 metroko altuera du, eta Leireko lepoa izenarekin ezaguna da ere. Bideko bihurgune batzuetan dauden soilguneei esker, Esako urtegia bere osotasunean ikusi ahal izanen dugu, eta atzean,  baita Jazetania, Gigante Dormido eta Oroel haitzak ere.

Ordubete eta hogei minutuko igoeraren ostean, La Cerradako atakara iritsiko gara, eta bertatik, Erronkariko Abelbideak beheranzko bidea hartuko du Las Coronas mendaterantz. Transhumantziako bide zahar hau uzteko eta ezkerrera bira egiteko unea da, GR-13a markatzen duen zurezko seinale bertikal baten parean.

Nahiko argia den xendra jarraituz, pagadi eder batean barneratuko gara, eta pagoez gain, pinu bakan batzuk eta haitz bloke handiak ikusiko ditugu. Hiru ordu laurdeneko igoera nahiko erosoaren ondorez, soilgune batera helduko gara, non metalezko gurutze bat nabarmentzen den, amildegiaren ertzean. Castellarko gainean gaude, Leire mendilerroko tontorrik bisitatuenetako bat.

Toki honek mendilerroaren ikuspegi ederra eskaintzen digu, Esako urtegia oin azpian dugula, eta Pirinioko tontorrak ipar-mendebaldera. Hortik, mendiko gailurrean zehar jarrai dezakegu El Rallar (1.281 metro) eta Arangoitiraino. Bertara, bidexka estua iristen da Biotzaritik. Parapente-zaleek amildegira jauzi egiteko erabili ohi duten gailur hau antenek itsusten dute, baina badu alde onik ere: Arbaiungo arroilaren ikuspegi ez-ohikoa eskaintzen digu.

 

Hartzaren Pasabidea

Arangoitiraino joan nahi badugu, kontuan izan behar dugu bidea zuhaitzez jositako lur-eremu malkartsuan barneratzen dela, eta ibilaldia ordubete luzeagoa izanen dela. Kasu honetan, jaitsiera Leireko Monasteriorantz doan bide batetik egin dezakegu; Erronkariko Abelbidean gora gindoazenean ikusi dugun bidegurutzera, hain zuzen.

Arangoitiko igoerak erakartzen ez bagaitu, badugu beste aukera ikusgarriagorik ere. Castellarretik La Cerrada mendi-lepora jaistean datza, abelbidearen zoru belartsuan behera 200 bat metro ibili eta gero eskuinaldetik igo, Hartzaren Pasabidea (1.334 metro) delakoaren gailurrera iritsi arte. Pagadiak ez digu paisaia miresteko betarik ematen, baina sakonune batean sorpresa izanen dugu. Harkaitzaren erdian egindako zulo itzel bat da, Nafarroa eta Aragoi arteko mugan. Naturak zabaldutako leiho honetara bidexka batetik jaitsi gaitezke. Bertan egoteak sorrarazten duen bertigoa Leire mendilerroaren hegoaldera ikus dezakegun paisaia ikusgarriak konpentsatzen du.

26-leire7Leire mendilerroa

Leire mendilerroa Nafarroa osoan erliebe malkartsu eta ikusgarriena duten zonaldeetako bat da. Zaraitzu eta Irati ibaiek, milurtetan zehar, arroila eta zintzur sakonak zulatu dituzte Arbaiunen (babestutako 1.164 hektarea) eta Irunberrin (40 hektarea), zenbait kasutan 300 metroko altuera izan ditzaketen horma arrokatsuekin. Arroil hauek biak Natur Erreserba izendatuak izan dira, eta bisitaldia merezi dute biek ala biek.

Leire mendilerroak faunarentzat duen garrantziaren ondorioz, Garrantzia Komunitarioko Eremu (GKE) eta Hegaztientzako Babes Berezirako Gune izendatua izan zen. Gizakientzat praktikoki helezinak diren horma arrokatsuetan hegazti harrapari anitzek kabiak egin dituzte. Hain zuzen ere, Arbaiungo arroilan Europako sai arreen koloniarik handienetako bat dago. Bertan ikus ditzagu, halaber, sai zuriak, arrano sugezaleak, arrano txikiak, mirotzak, malkar-sorbeltzak, haitz-enarak, miruak, belatz handiak, harkaitz-txoriak, txinboak, belatxinga mokogorriak, arrano beltzak, hontz handiak eta ugatzak.

Basurdea, azeria, basakatua, lepazuria eta katajineta mendilerroko baso zabaletan bizi diren ugaztun basa nagusiak dira. Hegoaldeko isurialdean, abarizti eta aliagarrak dira nagusi; iparraldeko isurialdea zati handienean eta zonalderik altuenak pagadiek estaltzen dituzte, eta erdiko inguruetan, berriz, arteak, erkametzak, ezpeldiak eta hariztiak ikus ditzakegu, batik bat. Baso hauetan, okil beltza, aztorea, gabiraia eta urubia bezalako espezieak bizi dira, baina horiek aurkitzea ez da batere erraza.

Bestalde, Zaraitzu eta Irati ibaietan, eskualde honetatik igarotzean, honako espezie anitzak hartzen dituzte: urtxakurrak, ubarroiak, lertxun hauskarak, martin arrantzaleak, buztanikarak eta Europako ur-zozoak, besteak beste.



Zabaldu
Reddit! Del.icio.us! Mixx! Free and Open Source Software News Google! Live! Facebook! StumbleUpon! TwitThis Joomla Free PHP

Multimedia

Euskara kultur elkargoa

Bannerra

Koldo Mitxelena

Bannerra
Copyright-a © 2010 Open Source Matters. Eskubide guztiak gordeta.
Joomla! GNU/GPL lizentziapeko software librea da.