Norenak dira elizak?
Iñigo Uharte-k idatzia
Testua: Iñigo Uharte
Argazkiak: Josu Santesteban
Azkenaldian, galdera batek Nafarroako udal eta kontzejuak astindu ditu: Norenak dira elizak, baselizak, hilerriak, atrioak eta apaiz-etxeak? Elizarenak al dira, ala auzolanean eraiki zituzten bizilagun eta herriena? Duela bi urte sortutako Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak argi du erantzuna, eta hori dela eta, Nafarroako talde politiko gehienen eta udalen babes zabala jaso duen kanpaina abian jarri zuen. Kanpaina horren azken fruitua "Escandalo monumental" (Altaffaylla, 2009) liburua izan da. Sakristietako hautsak harrotu dituen lana.
2007an, kasualitate hutsez, aurkikuntza izugarria egin zuten plataformako kideek: Aurreko urteetan, Hipoteka Legearen 206 eta 207. artikuluetan oinarrituz, Eliza Katolikoak kanpaina «itzel eta zuhurra» abiatu zuen, Jabetza-Erregistroan Nafarroako eliza guztiak bere izenean inskribatzeko. Aurretik, 1998. urtean, Hipoteka Legediaren 5. artikulua ezabatua izan zen, hain zuzen ere kultu-espazioak (tenpluak, elizak, baselizak eta bestelakoak) erregistratzea debekatzen zuen puntua. Aurkikuntza hori egin bezain laster, plataforma edo elkarte gisa antolatzea erabaki zuten pertsona horiek, eta beren salaketa lau haizetara zabaltzea.
Plataformako kideen esanetan, Elizak azken urteetan egin duena «eskandalu monumentala» da (argitaratu berri duten liburuaren izenburuak ondo islatzen duenez), eta «zalantza izpirik gabe, Nafarroaren historian zehar egin izan den pribatizaziorik handiena».
Legeak zer dio?
Lege Hipotekarioaren 206. artikuluaren arabera, «Estatuak, probintziak, herriak eta horren egitura politikoaren baitan dauden zuzenbide publikoko Korporazio edota zerbitzuek, eta baita Eliza Katolikoarenak ere, jabetzaren idatzizko agiririk ez dutenean, eurenak diren ondasun higiezinak erregistratu ahal izanen dituzte, horien ardura duen funtzionarioak igorritako egiaztagiri egokiaren bitartez, bertan eskuratze-titulua edo eskuratzeko moduaren azalpena atxikiz». Bide ez-ohiko horri helduz, herrien ondasun preziatuenak (balio kalkulaezina duten mila eraikin baino gehiago) bere izenean erregistratu zituen Eliza Katolikoak, prezio barregarria ordainduta (20 edo 30 euro, inskripzio bakoitzeko). Hori egiteko prozedurak, gainera, ez darama inolako publikotasunik edo argitaratzeko betebeharrik (informazio publikorik, notariorik edota ediktuen publikaziorik ez da behar) eta, modu erraz batean, ondasun publikoen «pribatizazioa» lortu zuen Elizak, jendarteak edota hiritarren ordezkari publikoek ezertxo ere ez zekitela.
Baina nola da posible indarrean dagoen lege batek Eliza Katolikoari halako eskumena ematea? Izan ere, Lege Hipotekarioaren 206. artikuluak ondasunak Erregistroan inskribatzeko pribilegioa ematen dio Elizari, eta horretarako, Elizbarrutiaren baimena besterik ez du behar. Legearen artikulu hau Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela salatu dute legegizon eta aditu askok, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak zein Auzitegi Gorenak emandako epai batzuek hala frogatzen dutela dirudi.
Froga mordoxka dago Lege Hipotekario honen aurka, baina nagusiena bere izaera konfesionala da. Legea 1946an onartu zuten, Frankoren diktadurapean, eta Estatuaren katolikotasunaren babesean, Legeak eskumen ugari eman zizkion Elizari.
Estatuaren izaera ez-konfesionala 1978ko Espainiako Konstituzioarekin batera ezarri zen, eta beraz, «oso eztabaidagarria da Elizbarrutiari funtzionario publikoaren eskumenak ematea, bere izenean ondasunak jar ditzan», plataformako kideek azaldu dutenez.
Ondasun publikoak
Jendartean jakina denez (eta udal artxibategiek zein memoria kolektiboak frogatzen dutenez), eraikin hauek, oro har, herriek eraikiak eta altzariz hornituak izan ziren. Herriena zen ondasun horien jabetza, kontzeju eta udalen bitartez. Eraikinen erabilera ez zen erlijiosoa soilik: herritarrek toki horietan hautatzen zituzten alkatea eta zinegotziak, bertan egiten zituzten bizilagunen batzarrak, bertan lurperatzen zituzten hildakoak eta, eraso baten aurrean, elizak, baselizak eta enparauak defentsa-azpiegitura gisa erabiliak izan ohi ziren, gainontzeko bizilagunak ezkil-hotsen bidez ohartaraziz.
Herriak aukeratzen zituen, halaber, kanpai-joleak, limosnagileak, sakristauak eta elizgizonak. Diru publikoen bitartez, Udalak biltzen zuen Primizia-zerga delakoaren bitartez, beste ondasun publiko batzuk besteratuz, edo bizilagunen auzolanaren bitartez, eliza, baseliza, apaiz-etxe edota hilerriak eraikitzeko edo zaharberritzeko erabakia herriak hartzen zuen, eta hamaika udal ebazpen dago hori frogatzeko. Era berean, erretaulak, kaperak, sagrarioak edota kanpaiak erosteko dirua jarri ohi zuten herritarrek, udal edo kontzejuetan ordezkatuak. Edozein Udalek froga lezake hori, bere artxibategiei gainbegiratua emanez bakarrik. Gaur egun ere, eraikin horietako askotan egindako zaharberritze lanak etengabeak dira, eta hein handi batean, diru publikoen eta herrien ahaleginei esker burutzen dituzte. Eta, ofizialki bederen, mendeetan zehar bildutako ondare horren guztiaren gaineko eskubideei uko egin dien Udalik ez dago.
Lege errepublikarra
Tradizioaz gainera, badago ondasun hauek jabetza publikokoak direla esaten duen lege-aurrekari bat ere: 1933ko Konfesio eta Erlijio Kongregazioen Legea. Arau honek, bere 11. artikuluan, jabetza publikoa aitortzen zien orotariko tenpluei eta horien eraikin gehigarri, errektore-etxe eta halakoei. 33ko legearen arabera, kondizio berbera zuten elizetako altzariek, apaindurek, irudiek eta abar. Bestalde, 12. artikuluan, aurreko guztiek «kultu katolikoaren xede erlijiosoa» izanen zutela aipatzen zen, «eta horretarako, Eliza Katolikoaren ardurapean izanen dira, kontsebazioari, kudeaketari eta erabilerari dagokionez, beren izaeraren eta helburuen arabera. Beraz, elizak ezin izanen du horien gaineko jabetzarik eduki, eta esleituak izan diren helbururako soilik erabiliko ditu».
Plataformako kideen aburuz, «diktadura frankistak Errepublikaren legaltasuna deuseztatu izanak eta Eliza Katolikoari mota guztietako pribilegioak eman izanak ezin du gaur egun jarraipenik izan, aipatutako 1946ko Lege Hipotekarioaren bitartez, eta, era berean, ezin du aipatutako ondasunen izaera publikoa aldatu».
Ondasunak Erregistroan inmatrikulatzearen ondorioz, betidanik jabetza publiko izan den hori jabetza pribatu bihurtzen da egun batetik bestera. Jokaldi horren ondorioz, Eliza Katolikoa da (Vatikanoa, finean), eta ez herriko parrokia, ondasunen jabe nagusia, eta beraz, beste helburu batzuekin erabil ditzake (saldu, alokatu, gune turistiko gisa ustiatu, eta abar), «ondasun horiek eraiki, erosi edota mantendu dituzten herrien beharretatik urrun dauden erabilerak, edo are okerrago, erabat kontrakoak direnak», plataformaren esanetan.
Duela gutxi Itoizko urtegiko eskualdean gertatutako kasuek (Elizari eman beharreko milioiak, kalte-ordain gisa); higiezinen sektoreak hilerrietan egindako esku-sartzeak eta horrek piztutako polemikak (Albacete, Espainia); kontzertuak eta kultur ekitaldiak antolatzeko berriki ezarri diren tarifek (Tafallan, Erriberrin edo Lizarran, adibidez); artelanen salmentak; eraikinen besterentzeak, eta abar luze batek ondasun hauen inmatrikulazioak ondorio zuzenak eta berehalakoak dituela frogatzen dute. Plataformako kideen iritziz, Elizak bere etorkizuneko finantziazioa herrietako ondasun publikoen bitartez prestatu nahi du. «Ez da susmo hutsa, teoria horrek oinarri sendoak dituelako», adierazi dute. «Eraikin horien jabetza publikoak bakarrik berma lezake bizilagunen erabilera, erlijio- zein kultur-jarduetarako, orain arte egin izan den bezala, eta inongo jabe pribaturen (are gutxiago Estatu Vatikanoaren) asmoen menpe egon behar izan gabe».
Aipatzekoa da, halaber, hastapenetik beretik plataformako kide direla (Nafarroa osoko historialari, legegizon, alkate eta zinegotziez gainera) hainbat elizgizon eta oinarrizko fededun ere. Kristau hauek ez datoz bat Elizaren jerarkiaren jokamoldearekin, eta ebanjelioen mezuaren kontrakotzat jotzen dute.
Udalekin batera.
Hasieratik beretik, eta aferaren neurria ikusita, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak argi utzi nahi izan zuen udal eta erakunde publiko guztien erantzun bateratua beharrezkoa zela. Horregatik, Eliza Katolikoaren asmoen aurkako ekimenak antolatzeko gonbita luzatu zien horiei guztiei. Ordura arte ezer gutxi zekiten udal askok Lege Hipotekarioaren 206. artikuluak ematen dien eskubide berbera erabiltzea erabaki zuten, eta Erregistroan titularrik ez duten ondasun horiek guztiak inmatrikulatzen hasi dira jada, artxiboen arabera, herriarenak eta ez beste inorenak direlako. Bestalde, Eliza Katolikoaren aldeko erregistroa burutu den kasuetan ere, jabari publikokoak diren ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta bahitu-ezinak direla nabarmendu behar da, eta beraz, izaera horrek ondasunen berreskurapena ahalbidetu beharko luke beti.
Hori dela eta, plataformak proposamen irekia igorri zien Nafarroako udal eta kontzeju guztiei. Ordutik, ehunka mozio aurkeztu, eztabaidatu eta onartu dira udalbatzen osoko bilkuretan. Zehatz-mehatz, Altsasu, Berriozar, Burlata, Etxauri, Irurtzun, Leitza, Puiu eta Uharte izan ziren lehenbizikoak, duela bi urte, baina gaur egun 117 udalerri dira jada ekimenarekin bat egin eta auzitegien bidea hartu dutenak, eurena den ondarea berreskuratzeko asmoz eta «eskandalu monumentalarekin» betirako amaitzeko.
Elizaren erantzuna
Plataformaren sorreraz geroztik, eta batez ere, "Escandalo monumental" izeneko manifestua eta liburua karrikaratu zenetik, Artzapezpikutzaren prentsa bulegoak erantzuna eman nahi izan zien Eliza Katolikoaren jarrera salagarria zela adierazi zuten guztiei.
Lehenik eta behin, legeak ezartzen dituen mugen barruan ibili zela esan zuen komunikatu batean, eta Erregistroan egindako matrikulazioen helburu bakarra «Tradizio historiko ukaezin batean oinarritutako ahobatezko iritziari formaltasun juridikoa ematea da». Artzapezpikuaren ustez, Eliza Katolikoak eskumen osoa du tenpluen eta kultu-guneen gainean.
Santos Villanueva Artzapezpikutzaren bozeramaileak adierazi zuenez, ondasun horien guztien erregistroa ez zen irabazi-asmoekin egin, «legaltasun arrazoiengatik baizik, eta kudeaketa eraginkorragoa lortzeko helburuarekin, hain zuzen ere gure herrietako kristauen eta kristau-elkarteen mesederako».
Hori dela eta,













