Bannerra

«Bira honekin, gure aurreikuspen baikorrenak ere gainditu ditugu»


Su Ta Gar

 

sutagar1

 

Pozik al zarete emaitzarekin?

Aitor Gorosabel: Bai, oso pozik. Lan handia izan da, beti bezala. Bai 20. urteurrenaren bira prestatzea baita CD bikoitza eta DVDa ekoiztea ere oso prozesu konplikatua izan da: kontzertuak nolakoak izango ziren aurretik pentsatu; joko genituen kantuen aukeraketa egin; gitarrak, pianoa eta gainontzeko instrumentuak prestatu... Eta gero, biran murgilduta geundela, lan berri hau grabatzeko aukera sortu zen. Pena eman zigun horren ekimen polita ez grabatzeak, 20 urte ez direlako egunero betetzen. Estudioan, grabazioaren ostean ere lan handia egin dugu. Hogei bat egunez aritu gara diskoa eta DVDa ontzen.

 

Zuzeneko lan bat estudioan nahastea disko arrunt bat grabatzea baino errazagoa izan behar duela ematen du...

A.G.: Bai, zuzeneko disko bat, izenak berak dioen moduan, zuzenean grabatua dagoenez, estudioan nahasketak soilik egin behar direla dirudi, baina ez da horrela. Gauzak txukuntzen edo soinuak "garbitzen" hasi eta denbora luzea eman dezakezu horretan.

Xabi Bastida: Bestalde, lan honek 27 abesti ditu; hau da, bi disko luze betetzeko adina material. Beraz, egin beharreko lana bikoitza da. Gainera, zuzeneko diskoetan, abestien arteko tarteek ere lan handia ematen dute. Ez dira isilune soilak, jendearen txaloak, oihuak eta abar entzuten baitira. Diskoa hasten denetik amaitzen ez den arte, ez dago isilunerik, eta horrek guztiak nahasketa eta masterizazioa behar ditu.

 

"Su Ta Gar. 20 urte" izeneko kutxa honekin, zuen urteurrenaren ospakizunak amaitutzat eman dituzue. Nola sentitu zarete kontzertu-sorta berezi honetan?

A.G.: Oso esperientzia polita izan da.

 

X.B.: Nire ustez, gure aurreikuspenik baikorrenak ere gainditu ditugu bira honekin. Hasiera batean, emanaldi gutxi emateko asmoa genuen: 8-10 kontzertu, 2009ko otsailera edo martxora arte. Baina gero, emanaldiek ikaragarrizko arrakasta izan zuten eta jendearen erantzuna oso-oso ona izan zen: Bilbo, Bermeo, Durango, Donostia, Elizondo edota Iruñeko kontzertuetan, adibidez, aretoak leporaino beteta zeuden, eta horien ostean, hamaika herritatik hots egin ziguten, kontzertu formatu berri hau plazetara eramateko.

 

Zein izan da, “20 urte” biraren baitan, gustukoen izan duzuen kontzertua?

 

A.G.: Zorionez, Durangokoa, DVDa eta CDa grabatu genuen hori, onenetako bat izan zen. Donostikoa eta Bermeokoa ere atsegin handiz gogoratzen ditut.

 

X.B.: Niretzat, Donostia eta Gasteiz izan ziren bikainenak, areto itxiei dagokionez, eta herriko plazetan jotakoen artean, berriz, Eibar.

 

A.G.: Gernika, Berriobeiti... Orokorrean, denak izan ziren onak.

 

sutagarAbestien aukeraketa izan da proiektuaren alderik garrantzitsuenetako bat. Aspaldi jo gabeko kantuak hautatu dituzue, eta gainera, jatorrizko bertsioei ahalik eta fidelen izaten saiatu zarete. Nolakoa izan zen zaleen erreakzioa?

A.G.: Orokorrean, set-list indartsuak egin ditugula uste dut. Ezinezkoa da zale guztien kanturik gogokoenak kontzertu bakarrean biltzea, eta norbaiten abesti kutuna kanpoan geldituko da halabeharrez. Hala ere, bira honetan, jendearen ohiko erreakzioa oso ona izan da. Kantu zaharrak dira jendeak hobekien ezagutzen dituenak, eta horietako batzuk berreskuratzea polita izan da. Gaztetxoenek eta zale berrienek agian "Jainko Hilen Uhartean" (2006) azken diskoarekin ezagutu gintuzten, baina hala izanda ere, abestirik ezagunenak lehenengo bi diskoetakoak dira. Logikoa da, bi lan horiek direlako kalean denbora gehien daramatenak.

 

Eta nola egin zenuten abestien aukeraketa? Zergatik kantu horiek, eta ez beste batzuk?

A.G.: Oso lan nekeza izan zen. Hasiera batean, zerrenda luze bat prestatu genuen, ia 50 abestirekin. Gero erdira murriztea lortu genuen, eta azkenean, hori izan zen gure zerrenda definitiboa, 26-27 kantuz osatua. Popurri edo antzeko zerbait egitea otu zitzaigun, kanpoan gelditu ziren piezek ere nolabaiteko isla izan zezaten, baina ideia baztertu genuen, ordurako nahikoa lan genuelako halako uretan sartu gabe ere. Oro har, nik uste asmatu dugula.

 

X.B.: Jakina, proiektuan lasai asko egon zitezkeen kantu batzuk kanpoan gelditu dira: "Sentimenak jarraituz", "Prest al zaude?", "Eskutitza"... Baina tira, ezin guztiak sartu, eta aspaldi jo gabe genituenak berreskuratzea hunkigarria izan da.

 

Borxa Arrillagarentzat [Su Ta Gar-en lehen bateria-jotzailea, istripu baten ondorioz elbarri gelditu zena] ere oso hunkigarria izanen zen kontzertu hauek ikustea, kantu gehienak bere garaikoak direlako...

 

X.B.: Ez dakit DVDa ikusi duen oraindik, baina kontzertu batera etorri zen. Bira nahiko aurreratua zegoen ordurako, eta etor zedin eskatu genion, jakin bagenekielako gustatuko zitzaiola. Asko kostatzen zaio kontzertuetara joatea: kea, jendea, nekea... Horrez gain, berehala gaixotzen da, eta horregatik, harentzat nekeza da halakoetara etorri behar izatea. Azkenean Bilboko emanaldira etorri zen, eta seguruenik, sentsazio pilo bat izanen zituen, emozio kontrajarri ugari: alde batetik pozik, elkarrekin jarraitzen dugulako; baina beste aldetik arraro samarra izango zen, kontzertuko kantu gehienak berak jo zituelako lehenengo diskoetan.

 

Zuk, Aitor, abesti batzuetan pianoa jo behar izan zenuen, jatorrizko bertsioan egiten zenuen bezala. Ondo moldatu al zara?

A.G.: Tira, aspaldi utzia nuen pianoa, eta berriz hasi behar izan nuen. Hogei urtean lehenbiziko aldia zen instrumentua hartzen nuela eta, egia esan, hasieran oso urduri nengoen. Pianoa ez da "nire" instrumentua, nik behintzat ez dut hala sentitzen, eta arraro ikusten nuen neure burua, baina gero gustua hartu nion.

 

Abestiak ahalik eta modu fidelenean jotzen saiatu zareten arren, kantu zaharrak gaur egungo soinuarekin entzutea bitxia da. Soinu ezberdina dute...

A.G.: Bai, niretzat ere ezustea izan zen. Horrenbeste urte eman genituen kantu horiek jo gabe, sentsazio berezia izan genuela berriz ere entzutean. Soinu diferentea dute gaur egun. "Fagozitosia", adibidez, oso arraroa iruditu zitzaidan hasiera batean, baina gero, zuzenean jo, jendearen erreakzioa ikusi eta grabatutakoa entzun ostean, pertzepzioa bestelakoa da. Oso-oso positiboa.

 

Eta arazorik izan al zenuten, abesti horiek berriz jotzeko edo abesteko orduan?

A.G.: Ez, gehienetan buruhauste larregi ez digute eman. Kantuak hautatzen hasi ginenean, apur bat gehiago sufritu nuen, ahotsari dagokionez, baina ez bereziki kantu zaharrekin, “Beti aurrera” edo “Abere izate ukatua” bezalakoekin baizik. Kontuan izan 2003an ebakuntza egin zidatela ahots-kordetan, eta gauza batzuetarako askoz hobe nabilen arren, beste batzuetan sufritu egiten dut apur bat. Abestia zaharra edo berria izateak, ordea, ez du horrekin zerikusirik. Abesti zaharrenek ez zidaten inolako arazorik eman.

 

Eta zaindu egiten al duzu eztarria?

 

A.G.: Eeeeh... zaindu beharko nuke, bai [barrez]. Badakizu, ahotsarekin ariketak egin, edari hotzik ez hartu, ez erre... betikoa. Dena den, ebakuntza baten ostean beti geldituko da arrastoren bat: apur bat ahulago sentitzen duzu eztarria, eriondo bazina bezala, baina orokorrean poz-pozik nago emaitzarekin, eta orain arte ez dut arazorik izan.

 

Bira honetarako berreskuratutako "harribitxi" horiek hurrengo kontzertuetan ere joko dituzue? Zeintzuk dira zuen set-listean mantendu nahi dituzuenak?

X.B.: Oraindik ez dakigu. Zaila da esaten, denok ditugulako gure preferentziak: «Nik kantu hau joko nuke», ederki, baina hori jotzeko, zein kenduko dugu? Hortxe dago gakoa. Denak ezin ditugu barruan utzi. Hori esanda, badaude mantenduko ditugun batzuk, baina ezin dizut esan zeintzuk izango diren: "Amaren negarra", "Fagozitosia"... Nork daki. Badakiguna zera da, kontzertuen formatua aldatuko dugula hemendik aurrera. Pianoa, adibidez, ez dugu gehiagotan aterako, eta gitarra akustikoak, batzuetan besterik ez. Abestien ordena ere aldatu nahi dugu, ikuskizuna apur bat irauli.

 

Zeintzuk dira zuen asmoak hemendik aurrera?

X.B.: Lan berri hau zuzenean defenditzea pentsatu genuen, baina bira luze honen eta zuzeneko CD eta DVDaren ostean beste bira bat antolatzea... arraroa iruditu zitzaigun. Horregatik, 20. urteurrenaren ospakizun bira amaitutzat eman dugu. Hemendik aurrera, David baxu-jotzaile berriarekin zenbait kontzertu solte eskainiko ditugu, taldea trinkotzeko, eta datozen hilabeteetan, "Su Ta Gar. 20 urte"-ren promozio-lana lasaitzean, abesti berriak konposatzeari ekingo diogu, egunen batean estudioko disko berri bat ateratzeko. Dena den, ez dugu datarik edo epe zehatzik jarri nahi. Momentuz, lanean hasiko gara, eta gero gerokoak.

 

Beraz, oraindik ez duzue abesti berririk idatzi...

A.G.: Entsegu-lokalean, ez. Beno, ideia batekin edo besterekin ibili ginen bueltaka, baina besterik ez. Gero 20. urteurrenaren zurrunbiloa etorri zen, eta ordutik ez naiz horretara erabat lotu. Zirriborroak egon badaude, baina abesti konkreturik ez.

 



Zabaldu
Reddit! Del.icio.us! Mixx! Free and Open Source Software News Google! Live! Facebook! StumbleUpon! TwitThis Joomla Free PHP

Multimedia

Euskara kultur elkargoa

Bannerra

Koldo Mitxelena

Bannerra
Copyright-a © 2010 Open Source Matters. Eskubide guztiak gordeta.
Joomla! GNU/GPL lizentziapeko software librea da.