Izan ginena
Odol korrontearen aurkako apez gaztea
Josu Chueca-k idatzia
Azkar oso, odol jarioa korronte bezalakoa bilakatu zen 1936ko udan. Nafarroan bereziki, nahiz eta gerra fronterik ez izan, hilketa masibo eta gupidagabeek deuseztatu zuten gorrien, errepublikanoen eta jeltzaleen aldetik ordura arte izan zen mundu giza politikoa. Jakina denez, gerra hasterakoan, Jose Rodriguez Medel guardia zibilen burua izan zen estreinako biktima. Berehala, antzeko asko suertatu ziren Nafarroako herri askotan. Matxinoen buru gorena zen Emilio Molaren agindutara mugitu ziren eskuadra falangistek zein dekuria karlistek izua eta heriotza landatu zituzten lurralde osoan barrena. Berdinberdin, Bardean, hilerrietan, gotorlekuetan, harrobietan, leizezuloetan nahiz bide bazterretan. Elizgizonen aldetik, Gurutzada Saindua omen zelako, hierarkiak hauspotu zituen gorrotoaren suak. Izan ere, Errepublika jaio zenetik, horren aurkako matxinada sustatzeaz gain, apez ugari kaperau ibili ziren erreketekin batera, bai frontetan bai atzeguardiako piketetan. Eskizofrenia galanta zuten: barkamena eta amodioa aldarrikatzearekin batera jazarkundea eta heriotza fusilen puntatik hedatzea.
Gutxi, oso gutxi, izan ziren jokabide anker horretatik salbu gelditu ziren sotanadunak. Horietako bat Marino Aierra Redin irunberriarra dugu. 1936ko gerra abiatzear zegoela, Altsasura bidali zuen Marcelino Olaetxea apezpikuak. Batak eta besteak pentsatzen zuten herri ezkertiar horretan giza gaiekiko joera zuen apezak Elizak “De Rerum Novarum” eta antzeko entzikliketan bilduta zuen gizarte doktrina aurrera eramanen zuela, baina usteak erdia ustel! Ez zuen horrelako auzietan sartzeko aukerarik izan, bai, ordea, funtsezko eskubideen defentsan aritzeko. Izan ere, Burundako hiri horretan, gerra piztutakoan, aipaturiko Gurutzadak zer-nolako ezaugarriak izanen zituen oso arin atzeman zuen: erbesteratzeak, atxiloketak eta erailketak… eta ez gorriek egindakoak, Jaungoikoaren izenean altxatu ziren gurutzatuen aldekoek baizik. Izan ere, Altsasu eta inguruko herriak oso gogor astindu zituen gerrak. Burundako hiritik 300etik gorako iheslari joateaz gain, agintari errepublikano eta hainbat kide sozialistaren erailketak gauzatu ziren Aritzalkon, Otsoportillon edo Lizarrustin. Horien berri izan zuenean, protestaka aritu zen on Marino. Apezpikuaren aurrean, baita bertako agintari militarren aurrean ere. Gerrak iraun zuen bitartean, atxiloen aldeko laguntza gauzatu nahian, Altsasuko ziegetan ibili zen aitor-entzule eta atxilotuen zein familien arteko mezulari lanetan. Hori zela medio izan zuen Pablo Cayuela eta Jose Soltxaga militar gorenen jokabidea gertutik ezagutzeko aukera, baita buruzagi karlistena eta falangistena, Benito Santestebanena edo Pablo Vizcondoarena esate baterako. Eta hainbat presoren –lizarragatarren edo Gregorio Zufiaurreren– azken unetan ere egokitu zitzaion aritzea.



