Liburuak
Desira plazer. 68-08
Txalaparta-k idatzia
Estankonak, Jimenezek eta Muñozek 68tik gaur egun arte gurean idatzi den poesia arakatu dute erotismo bila. Aurreiritzi eta uste guztien kontra, ez da makala aurkitu duten altxorra. Jimenezen hitzetan: “Poema guztien artean lurralde bat eratzen da, Euskal emakume eta gizonen erotismoaren kontinentea. Hona hemen desira eta plazeren mapa-mundia. Mapa hau zeharkatuz, X handidun lekuak (liburuak, poemak, egileak…) aurkituko ditugu, Altxor-mapa”. Hautaketa eta hitzaurrea: Igor Estankona, Edorta Jimenez, Josune Muñoz
Autofikzioa
Gaizka Amondarain-k idatzia
Zenbat aldiz ez ote zarete espaloi honetatik pasatu. Zenbat aldiz ez ote naiz beste batengan esnatu. Zenbat aldiz ez ote zaituzte zeharkatu nire pentsamenduek alderik alde kalean, elkar agurtzen genuenean. Zenbat aldiz ez ote dut desio izan beste horren itxura, hangoaren ahotsa, ondokoaren maitalea. Zenbat idazlek ez du jo beste batzuen bizipenetara bere istorioak idazterako orduan?
Pertsona bakarrak baino, pertsona askok osatzen gaituztela esango nuke. Eroen munduan, norbere burua hobeto ezagutzeko, beste batzuengana jotzea gomendatzen da. Autofikzioa edo autobiografia deitu dute adituek. Etorri den moduan joango den moda baino ez da izango agian. Orain izen bat jarri bazaio ere, betidanik existitu izan den joera. Beharbada.
Horrelako zerbait egiten du Enrique Vila-Matas idazleak ere, El mal de Montano liburuan. Protagonista (idazlea bera akaso), literaturaren gaitzak jotako indibiduoa da. Hortik aurrera, hasieratik bertatik, beste idazleei irakurritakoek eta idazlearen memorian geratu diren horiek denek ematen diote bizia narrazioari. Idazlea desagertzearekin batera, beste batzuen esanek hartzen dute hitza. Berea izan daitekeen asmatutako bizitza bat da kontatzen diguna. Doblearen erabilera. Pigliak berak ere esaten zuen, zurea ez den memoria batekin gogoratzearen ekintza horixe dela; doble bat sortzea. Zu ez zaren norbait horrek kontatzea zuk pentsatuak, lietarturaren (ups!), literaturaren esperientzia bera finean. Eleberri honetako protagonista ere horrelaxe bizi da, beste idazle batzuen zitaz inguraturik, literaturaren gaitzak jota, noraezean. Orain Bartzelonan, orain Txilen, orain irla batean, orain Budapesten dagoen protagonistaren egunerokoa izan zatekeen. Idaztearen beharrak itotzen duen norbaiten gogoetak dira. Nahi eta ezin horrek eramaten du hemendik hara. Hortxe hasten da dena konplikatzen. Autobiografiaren eta autofikzioaren artean jolasten da, irakurlea (lehendik horrela ez bazegoen) zoratzeraino. Elkarrizketa batean, elkarrizketatua galderak erantzutetik galderak egitera pasatzen denean bezala.





